XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Heriotza itsasoan hondoratze baten ondorioz gertatuko balitz, heriotza hondoratze horri buruzko lehenengo diligentzia judizialak gertatzen diren tokiari dagokion erregistro zibilean inskribatuko da.

- Tutoretza eta legezko ordezkapenari buruzko inskripzioak, gertatzen diren tokiari dagokion erregistroan edo tutoretza ala ordezkapenaren menpean gelditzen den pertsonaren egoitzari dagokion erregistro zibilean egingo dira.

8.5.- IDAZPEN-MOTAK.

Inskripzioak nagusiak ala osagarriak izan daitezke.

Jaiotza-, ezkontz, heriotz inskripzioak adibidez, nagusiak dira.

Inskripzio hauen orrialdeen alboan idazten direnak, (ezkontza baten erregimen ekonomikoari buruzkoa adibidez) osagarriak dira.

Inskripzioek, normalean, pertsona baten deklarazioan dute sorrera.

Adibidez, jaiotzari buruzko datuak, sendagile batek eta gurasoek ematen dituzte.

Informazio honetan oinarriturik, inskripzioa betetzen da.

Beraz, inskripzioek izaera deklaratiboa dutelarik, inpugnagarriak dira.

Bitartean, kontrakoa frogatzen ez bada, inskripzioek erregistroan ezarritako ekintzak egiazkoak direla aitortzen dute, eta hauei buruz fede ematen dute.

Begi-bistan dagoenez, inskripzio baten inpugnazioak, inskripzio honek dioenaren zuzenketa dakar.

Beste idazpen-mota, oharrak lirateke.

Ohar hauek arrazoi askogatik azaltzen dira.

Beren ezaugarririk nabariena informazioa ematean datza. Ez dute beste baliorik.

Hala ere, guztiz garrantzitsuak dira.

Erregistro Zibilera informazioaren bila doanari zenbait kasutan babes eta ziurtasuna ematen diote, berak bilatzen duen inskripzioak zein berezitasun daukan edo agian laster baino lehen zein inskripzio berri gerta daitekeen abisatuz.

Inskripzio batek beste batekin duen erlazioa erakusten duten idazpenei, erreferentziazko ohar osagarri deritzaie.

Ohar hauek Erregistroaren eraginkortasuna biderkatu egiten dute.

Ezabapen-idazpenen bidez, idazpen bat desagertu egiten da; oso-osorik ala inskripzioaren zati bat bakarrik.

Ezabapena, idazpena eraginik gabe gelditu delako edo faltsoa delako gerta daiteke.

8.6.- ERREGISTROAREN PUBLIZITATEA.

Idazpenak ezagutzea interesatzen zaienentzat, Erregistro Zibila publikoa da.

Jakina, erregistroan ziurtagiri bat eskatzen duena interesaturik dagoela suposatzen da.

Erregistroaren publizitatea nola egiten den Erregistro Zibilari buruzko Legearen 6. artikuluak erakusten du: (...).